Oraindik gogoan dut
18 urterekin Amsterdameko Van Gogh museora egindako bisita. Gurasoek dirua
alferrik gastatzen zutela sinetsi ez zezaten, ikasleok ekintza kulturalak
bailiran saldu behar genituen kurtso amaierako bidaiak. Hala, Europan zehar
kriston mozkor eta itsuak harrapatzeaz gain, noizbehinka, museoren batera
joatea tokatzen zitzaigun. Van Gogh-en museoa bidaiaren azken partean izan zela
gogoratzen dut, kanalen hiritik joan behar genuen egunean, eta guk, adin
hartako pentsamoldeari jarraiki, ezin genuen horrelako tontakerietan denbora
galdu. Ez zait ahaztuko nola, koadroei alergia banien bezala, bost minututan
museo osoa korrika gurutzatu eta disimulatzeko edo, komunean sartu nintzen.
Astebeteko mozkorraldia eta gero, nire barruak ez zeuden oso fin, eta koadroez
disfrutatu ez nuen bezala, gozatu nuen ordu laurden iraun zuen hustualdi
hartaz. Museoak ezer berezirik esan ez bazidan arren, munduko komunik, handi,
garbi eta onena iruditu zitzaidan hura. Hori bai, komunaren parean nuen koadroa
aski ondo aztertu nuen!
Antzeko zerbait
gertatu zait Bangkok-en. Myanmarrera joateko bisaturik behar ez banuke, ez
nintzateke inoiz ikusteko hainbeste gauza dituen hiri honetara etorriko. Ahalik
eta lasterren hemendik ateratzeko ideiarekin etorri nintzen, eta halaxe izango
da, Myanmarreko enbaxadako diplomatiko irribarre gabeek bisatua eman bezain
pronto, billetea erosi eta hemendik ordu pare batean aireportuan izango naiz
Birmaniara bidean. Hala ere, esan beharra daukat Bangkokek harritu nauela,
baita onerako harritu ere. Nahiz eta kale batzuk turisten prozesioa ematen
duten, oraindik badira bertako kultura mantentzen duten auzo, merkatu zein
parkeak. Oinak lehertzeraino egin dut oinez azken bi egun hauetan eta ohartu
naiz leku guztiek dituztela gauza on eta interesgarriak, dena ez dela txarra.
18 urterekin museoen gauzarik onena bertako komunetan zegoela deskubritu nuen
bezala, Bangkok-eko gauzarik onena hemengo jendean dagoela ziurtatu dezaket. Ez
dute ingelesez hitz bat jakingo, baino nekatuta ikusten zaituztenean
lehenengoak dira autobuseko eserleku bat
eskaintzen edo irribarre batez animoak berpizten!
Bueno familya,
banoa motxila prestatu eta dutxa fresko bat hartzera. Ordu erdian Myanmarreko
enbaxadan ezagutu nituen bi katalanekin elkartzekotan naiz aireportura joan eta
hegazkina hartzeko. Orain arte dena
primeran joan da, ezin zen bidaia hobe hasi. Hurrengo batean, kontatuko dizuet
oraindik Bartzelonan nengoela eta gutxi batzuk bakarrik dakiten sorpresatxo
atsegina.