Begiak ixten baditut, Kamboiako herrixka galdu
batean ikusten dut nire burua, besoak luze-luze zabalduta eta ume andana bat
atzetik jarraika dudala, ilararen buru, hegazkinarena egiten. Hegoak okertu eta
hegazkinok bata bestearen ondoren buelta erdia egitean, burua altxatu eta habe
luzeen gainean eraikitako etxolan tea hartzen dauden dozena bat turistengan ez
erreparatzea ezinezko egiten zait. Egunaren azken orduko argi epeletan, haien
(gure) azala argiek dirdira egiten dute, lurraren koloreko jendearen artean,
gure zuritasunak min egin arteraino. Izan ere, sexuan estreinatzen den neskatoari
bezala, birjinatasunaren mintza urratu eta ukitugabetasuna betiko kendu diogu
Iparraldeko tribu honi. Algara artean, beraien buruak lurrera botaaz hegazkin istripua simulatzen ari diren umeez gain,
gainontzeko herritarrek errezeloz begiratzen gaituzte izaki etorriberrioi. Eta
arrazoirik ez zaie falta.
Onuragarria da horrelako komunitate
isolatuentzat turistok eramaten dugun “progresoa”? Ez gara, fusilen ordez, argazki
kamera teleskopikoz armatutako XXI. mendeko kolonizatzaile modernoak? Zenbaterainoko
eragina du turismoak kultura txikien desagertzean? Existitzen da turismo
etikoa? Suposatzen dut galderok ez dutela erantzun argi eta bakarra izango,
baino duela urte dexente, filosofiako lehen klase hartan irakasleak esan zigun
bezala, filosofia horretarako da, galderak egin eta haien inguruan jarduteko. Hala,
egun hura, esperientzia politez gain, motxila kontraesanez ere zamatzeko baliagarria
izan zitzaidan eta tropikoetako beroa nahikoa izango ez balitz, galdera hauek ederki
sutu didate burua eguna hartatik gaurdaino .