viernes, 24 de febrero de 2012

Tha-tha Myanma

Sigi-saga doa ontzia sugea baino baino okerragoa den ibaiaren gainean. Bisatuak utzi dizkidan 28 egunak agortu ondoren, bihar aldentzekotan naiz hain goxo onartu nauen herri honetatik eta azkenekoz ari naiz Birmaniako ferry zikin eta jendetsu bateko lur gogorrean gaua pasatzen. Gogoz kontra eta derrigortua banoa ere, zoriontsu sartuko naiz bihar hegazkinean, motxila esperientzia polit askoz zamatu dudala jakinaz. Atzean utzitakoa, dagoeneko denborak jan duelaz jabetzen naiz, eta jakin badakit ere, ezagutu dudan Birmania berdinera ez naizela sekula itzuliko. Horregatik, aro bat bukatzerakoan jarraitu behar den idatzi gabeko legeari kasu eginez, azken hilabete honen balantzea egiteko ordua da, bizitakoari azken errepasoa egitekoa. Koaderno osoa beharko nuke onerako edo txarrerako harritu nauten gauza guztiak idatzi nahiko banituzke. Baino loak hartzen nauen arte behintzat haietako batzuk gogorarazi nahiko nituzke.

Agian baikorra naizelako edo beharbada, garunean hobeto gordetzen direlako, bizipen zoriontsuak etorri zaizkit lehenengo burura. Gauerdian, kulunkan zebilen tren batetik ilargiak zuen kafesne koloreaz akordatu naiz; edo fisikaren legeak desafiatuz, tenperatura zeharo baxua zela, Inle lakuak egunsentia baino lehen zuen berun urtuaren kolore eta itxuraz. Birmaniako bi eremu turistikoenak lotzen zituen autobus bidaiak ere biziki harritu ninduelaz gogoratu naiz, zaila da Bilbo eta Donostiaren arteko bidea egiteko autobus batek zortzi ordu behar dituela imajinatzen, are gehiago, ibilgailua azalore, monje zein sabaiaren gainean zihoazen dozena bat nekazariekin banatu behar bada. Orwellek Los dํas de Birmanian jasotakoa nire begiez ikustea edo linterna eskuetan neukala, Bagango milaka tenpluak esploratzen Indiana Jones nintzela sentitu nituenekoak ere etorri zaizkit burura. Baino agian, shock-ik handiena eragin didana, herrialde honetan izan nuen lehen esperientzia izan zen, Yangonetik Myityikina eraman gintuen hegazkinetik jaitsi bezain pronto izandakoa. Bihotza harri bihurtu zitzaidan hiriko merkatura sartu bezain pronto, den-denek beren lanak bertan behera utzi eta gure inguruan korroa egin zutenean. Inork ingelesez egiten ez zuenez, inoiz baieztatuko ez dudan arren, beraientzat gu han egotea ohorea zela sentitzen nuen. A zer nolako irribarrea marraztu zitzaien “jatetxe” hartako zerbitzariei han bazkalduko genuela jakin zutenean!

Hala ere, dena ez da arrosa kolorekoa eta Birmaniarren irribarre ezabaezinaren atzean ezkutatzen dena ere irakurtzen jakin behar da. Mundua horrelakoa zela banekien ere, bizitzan lehenengoz ikusi dut haurtzaroaz gozatuko ez duen umea, jo eta ke, baratzean lanean edo erditzeko gutxi faltako zitzaion emakume haurduna eguerdiko eguzki itogarriaren azpian errepidea asfaltatzen. Jabetu naiz, eta hau berria izan da niretzat, askotan gizonezkoak itzaletan etzanda dauden bitartean, herrialde azpigaratuetako ume eta emakumeek duten eginkizunez. Gizarte hauek ez lukete funtzionatuko fisikoki indar gutxiago duten horien lanarengatik ez balitz eta opari zein merituak beti gizonak jasotzen baditu ere, emakumea da etxearen eta familiaren ardura hartzen duena. Errealitate gordin honetaz gain, Birmaniako paretatan pintada bakar bat ere ez ikusteak harritu nau. Jakina da paretak margotzen ez dituen herria, herri hila dela. Ziur asko gobernu militarraren aurrekontuen ehuneko 25a armak erosteko erabiltzeak zer ikusia izatea guzti honetan, baita osasunari soilik diruaren %o,4a eta irakaskuntzari %1a bideratzea.

domingo, 19 de febrero de 2012

Paradisu galduak

Imana balute bezala erakartzen nauten Birmaniako biztanleez gain, herrialde honetara etortzeko behintzat beste arrazoi bat ere badagoelaz jabetu naiz. Txoko honetan ezin gehiago eskatu: 15 kilometroko hondartza ikutugabe eta hutsa, non eraikuntza bakarrak koko-ura saltzen duten txabolatxoak diren; turista galduren bat, bi kilometro harantzako palmera hostoz eraikitako sonbrilaren itzalpean; alkandora zikina izerditan blai eta labana hortzetan dituen azal iluneko gizon meharra palmondoan gora koko bila aise igotzen; gerriraino uretan sartuta eta eskuetan sarea duela, harrapakina usatzeko beldur, mugimendu geldoez dabilen arrantzale zahar bat.

Eta zer esan urpeari buruz? Hori bai dela kolore festa! Udako bazkalondo beroetan, lo harazten nauten La2-eko dokumentalen antzekoa! Donostiako Aste Nagusiko su artifizialek baino kolore gehiago dituzte Birmaniarren abegitasunaz kutsatuta, atzetik jarraitzen dizuten arrainek! Zein adjektibo erabili ortzadarrari ere falta zaizkion kolore hauek deskribatzeko? Gauguin bera erotuko litzake hau dena margotzen hasiko balitz!

Maiz postaletan agertzen diren palmera oker eta fotogeniko horietako baten azpian etzanda nagoela, gizon alai batek baloia baino handiagoa den koko orlegia ekarri dit gainaldean pajita parea agerian dituelarik. Gizon berak goizean arrantzatu ditugun arrainak ordu erdian afaltzeko prest egongo direla gogoratu dit (aitona ez zen nitaz harroegi egongo, nik arrain ziztrin parea harrapatu dudan bitartean, gizonak dozena bat bai). Horrelako bizimodutik nola ihes egin? Paradisu honetan lau gau egin baditut ere, ezin atzean utzi, bere barrunbeetan harrapatu nau eta ez dakit noiz izango naizen sorginkeria honengatik libratzeko gai. Agian (eta horrela izan dadila!) printsesa bat zaldi zuri baten gainean etorri eta muxu ematen didan arte ez naiz hemendik ateratzeko gai izango!

(Argazkiak beste batean izan beharko dute, paradisuko internet ez da horren paradisiakoa, edo bai?)

domingo, 12 de febrero de 2012

Oroimenaz barrezka

Baliteke herrialde hau betiko bihotzean eramango dudala esatea hippy-egia izatea, erromantikoegia. Agian nahikoa da inoiz ahaztuko ez dudala esatearekin. Hala ere, badakit montzoi garaian lehen eurijasek hilabete luzez lokatz lehortuan pitzatutako aztarna guztiak minutu gutxitan ezabatzen dituzten bezala, nire oroimenaren kaduzidade data iogurrarena baino laburragoa dela. Ziur nago aste, hilabete edo optimista izanda, urte gutxi barru, ez naizela Birmaniako paisaia, monumentu edo museo bakar batez oroituko. Egunsentian, eguzkiak hodeiertzean gora egin ahala, Inle lakuaren ur lauaren kolore aldakorrez, edo Bagan-go lau mila tenpluen izenez, ez naizela akordatuko. Izan daiteke ere, Myitikyinan, argi indarrik gabeko gau ilunean, gazte jator haiekin hotzak akatu arte kantatu genituen kantuen izenez ez oroitzea. Ezta herriz-herri ongi etorria egin diguten etxeetan edandako tearen zaporeez ere. Edo Mandalay-go txoko ezkutu guztiak erakutsi ziguten bi monjeen eta Katan mandarina poltsa osoa oparitu zigun agurearen izenez ere.

Baino nola ahaztu Birmaniarren irribarreaz? Nola ahaztu eskaini didaten agur alaiez? Joango zait noizbait burutik odontologian masterra egiteko unibertsitaterik onenak Myanmarrgo herrixka txikietan daudela?

Birmaniarrek sarritan egiten duten arren, hiru barre mota bereizi ditut. Lehena, ohikoena, gizon-emakume lotsatiek eskaintzen dutena da. Birmaniarra lotsatia baita berez, eta ez da gai turista bat ikusi bezain pronto, ahoko hortz ilara luzeak erakusteko. Hala ere, edozer egingo du turista beregan fijatu eta gure begiradak gurutzatu daitezen. Eta gertatzen denean, gure begiek topa egin eta turistak irribarre inozoz erantzuten dioenean, lehertzen da dena. Orduan egiten du eztanda Birmaniarraren irribarreak bere handitasun osoan.

Bigarrena umeena da, aurrek ez dute inoren baimenik espero eta lotsagabekeriaz, inoren beldurrik gabe, izugarrizko barre oihuak egiten dituzte. Baino zoragarriena, ulertezina izateagatik xarmagarriena, gure lehen mundu honetan erokeria edo gaixotasun mentalekin lotuko litzatekeena, bakar-bakarrik, inolako arrazoirik gabe barre egiten dutenena da. Ez da ohikoena izango, baino ez da ikusten arraroa ere: eguzki gogorraren azpian oinak lokatzetan murgilduta arroza landatzen ari den emakumearena; kea darion tximinia baten ondoan, hankak beltzatuta, errepidea asfaltatzeko galipota prestatzen ari den agurearena edo trapuz egindako pilota bat ostikoka jotzen duen mutikoarena.

Agian gauza asko ahaztuko zaizkit, baino Birmaniarrek oparitu didaten goxotasuna betiko geldituko zait nire barruetan  harrapatuta. Horretaz behintzat ziur nago, hori ez dit denborak lapurtuko.


Notatxoa Malenentzat:
Memoriaz, memoriaz eta memoriaz. Internet ordaindu eta gosaltzera nindoala, egutegi haundi bat ikusi dut ciberrean, zahartzeagatik ospatzen dugun festa zuri ere iristen ari zaizula gogoratuz. Hurrengo bi, hiru edo lau egunetan autobus zalapastroso batean Birmaniako errepide zulatuetan gongo naizenez, hobe gauzak berandu baino lehen egin eta oraintse bertan belarrietatik tiratzen badizut.

MILA ZORION ETA TXOKOLATEZKO 22 MUXU!!!!!!!








lunes, 6 de febrero de 2012

Me doy cuenta


Amari, bidalitako emailaren erantzuntzat:

Me doy cuenta de que ha madurado en mi, algo que hace tiempo crecía dentro del bullicio ciudadano y es el odio a la civilización, la burda imagen de gente moviéndose como locos al compás de ese ruido tremendo, se me ocurre como la antítesis odiosa de la paz en la que el roce silencioso de las hojas forma una melodiosa música de fondo.

Ernesto "Che" Guevara
(En su primer viaje por Argentina, donde recorrió más de 4000km en bicicleta a la edad de 21 años)

Burdinezko sugea


Biiiiif! Biiiiif! Taka          -           taka hasi da martxan burdinezko sugea. Taka    -     taka,    taka    -    taka,    taka    -    taka, nekez doa aurrera piztia negartia. Emeki-emeki alde batera eta bestera kulunkatzen den sehaskatxoa lepo beteta doa. Taka - taka, taka - taka, taka - taka, bizituz doa petroleo zukua irensten duen heinean. Krinkrinkrinkrin entzuten da barrenetaraino sartu nahi duten adaxkek leihoen aurka kolpatzen dutenean. Ostertzean eguzkia gorde eta eguerdiko bero astuna hezurretaraino iristen den hotz bihurtu denean, hotzikara bortitzez astindu da burdinezko sugea, apal gainetako zaku, poltsa eta paketeak buru gainetara jausiz. Tetrisean bezala pieza bakoitzak bere tokia duen moduan, lotan zeuden bidaiariek abilezia handiz jarri dute ekipaia bere lekuan. Jolasa errepikatuz, bakoitza berera bueltatu da: batzuk eserlekuetan eseri dira, lauren tokian sei; beste zenbaitek eserlekuen artean aurkitu dute ohea eta zortekoenek pasiloan etzan dute beraien bizkar okerrak. Itxuraz, benetan dauzkanak baino askoz urte gehiago dauzkan emakume bat nire oinen artean eseri denean, txardinak bere latan gu baino askoz erosoago daudela pentsatu dut. Taka - taka, taka - taka, aurrera doa balantzaka trena. Birmaniako suge gaixoa, azkarrago juteagatik lehenago iritsiko delakoan! Leiho artetik lehen eguzki izpiak agertu direnean lortu dut nire zaku orlegiaren barruan lehen lo kuluxka egitea.

Argazki sorta polita gaurkoan:








































viernes, 3 de febrero de 2012

Notatxoa

Uste dut komentarioen asuntoa konpondu dudala!!

Konten zaude nere senar maite hori (galdera ikurra ez dut aurkitzen)

miércoles, 1 de febrero de 2012

Birmania Express


Birmania Express herrialde hau zapaldu nuenetik eten gabe hara eta hona ibili naizelako, zerbait edo norbaitengandik ihesian ibiliko banintz bezela eta Birmania Express azken egun hauek telebista programa famatuaren antza osoa izan dutelako.

Baino nondik hasi? Hainbeste gauza dut kontatzeko! Hainbeste esperientzia eta kontu berri!

Ayayarwady ibaian behera noa orain, metalezko ferry herdoildu eta zaharraren barrenetan. Hain da motela, 200 bat kilometro egiteko bi egun eta erdi behar dituela! Berdin dio, hasiera-hasieratik konturatu nintzen herrialde hau desberdina dela, Einsteinek baino lehenago deskubritu zutela denbora erlatiboa dela. Eta ez zait inporta. Hori da herrialde honek daukan xarma, besterik gabe toki batetik bestera mugitzea, bertakoekin orduak eta orduak elkarbanatzea edo saihets ezina izan litekeen hizkuntzaren hesia imajinazioz eta irrifar erraldoi batez gainditzea.

Askok galdetzen zidaten zertara nindoan Birmaniara, zer kristo galdu zitzaidan han eta aitortzen dut ezin nuela argudiozko erantzun dexenterik eman. Nik neuk ere ezer gutxi bait nekien herrialde honetaz. Gauzak hala, bost egun bakarrik behar izan ditut galdera horiei erantzun egokia emateko. Orain bai, orain badakit zertara etorri naizen. Badakit hitz hauek ez direla nahikoa izango, baino sinets iezadazue horrelako jende jator, atsegin eta hurbilik inoiz ezagutu ez dudala esaten badizuet. Ematen du Birmanian arrotzak debekatua duela arrotz sentitzea! Hain dabiltza turista gutxi, ze herrixka batetara iritsi bezain pronto, sekulako festa egiten dizuten. Ikusi orduko zabaltzen dizkizute etxeko ateak, umerik txikienek harriduraz eta emakumeek lotsaz begiratzen zaituzten bitartean. Esperientziaz dakit ere, gaueko ordubitan lo egiteko tokirik gabe, hotzez eta erabat galduta bazabiltza, zerua eta lurra mugituko dutela zuretzat ohe goxo bat aurkitu arte.