lunes, 6 de febrero de 2012

Burdinezko sugea


Biiiiif! Biiiiif! Taka          -           taka hasi da martxan burdinezko sugea. Taka    -     taka,    taka    -    taka,    taka    -    taka, nekez doa aurrera piztia negartia. Emeki-emeki alde batera eta bestera kulunkatzen den sehaskatxoa lepo beteta doa. Taka - taka, taka - taka, taka - taka, bizituz doa petroleo zukua irensten duen heinean. Krinkrinkrinkrin entzuten da barrenetaraino sartu nahi duten adaxkek leihoen aurka kolpatzen dutenean. Ostertzean eguzkia gorde eta eguerdiko bero astuna hezurretaraino iristen den hotz bihurtu denean, hotzikara bortitzez astindu da burdinezko sugea, apal gainetako zaku, poltsa eta paketeak buru gainetara jausiz. Tetrisean bezala pieza bakoitzak bere tokia duen moduan, lotan zeuden bidaiariek abilezia handiz jarri dute ekipaia bere lekuan. Jolasa errepikatuz, bakoitza berera bueltatu da: batzuk eserlekuetan eseri dira, lauren tokian sei; beste zenbaitek eserlekuen artean aurkitu dute ohea eta zortekoenek pasiloan etzan dute beraien bizkar okerrak. Itxuraz, benetan dauzkanak baino askoz urte gehiago dauzkan emakume bat nire oinen artean eseri denean, txardinak bere latan gu baino askoz erosoago daudela pentsatu dut. Taka - taka, taka - taka, aurrera doa balantzaka trena. Birmaniako suge gaixoa, azkarrago juteagatik lehenago iritsiko delakoan! Leiho artetik lehen eguzki izpiak agertu direnean lortu dut nire zaku orlegiaren barruan lehen lo kuluxka egitea.

Argazki sorta polita gaurkoan:








































viernes, 3 de febrero de 2012

Notatxoa

Uste dut komentarioen asuntoa konpondu dudala!!

Konten zaude nere senar maite hori (galdera ikurra ez dut aurkitzen)

miércoles, 1 de febrero de 2012

Birmania Express


Birmania Express herrialde hau zapaldu nuenetik eten gabe hara eta hona ibili naizelako, zerbait edo norbaitengandik ihesian ibiliko banintz bezela eta Birmania Express azken egun hauek telebista programa famatuaren antza osoa izan dutelako.

Baino nondik hasi? Hainbeste gauza dut kontatzeko! Hainbeste esperientzia eta kontu berri!

Ayayarwady ibaian behera noa orain, metalezko ferry herdoildu eta zaharraren barrenetan. Hain da motela, 200 bat kilometro egiteko bi egun eta erdi behar dituela! Berdin dio, hasiera-hasieratik konturatu nintzen herrialde hau desberdina dela, Einsteinek baino lehenago deskubritu zutela denbora erlatiboa dela. Eta ez zait inporta. Hori da herrialde honek daukan xarma, besterik gabe toki batetik bestera mugitzea, bertakoekin orduak eta orduak elkarbanatzea edo saihets ezina izan litekeen hizkuntzaren hesia imajinazioz eta irrifar erraldoi batez gainditzea.

Askok galdetzen zidaten zertara nindoan Birmaniara, zer kristo galdu zitzaidan han eta aitortzen dut ezin nuela argudiozko erantzun dexenterik eman. Nik neuk ere ezer gutxi bait nekien herrialde honetaz. Gauzak hala, bost egun bakarrik behar izan ditut galdera horiei erantzun egokia emateko. Orain bai, orain badakit zertara etorri naizen. Badakit hitz hauek ez direla nahikoa izango, baino sinets iezadazue horrelako jende jator, atsegin eta hurbilik inoiz ezagutu ez dudala esaten badizuet. Ematen du Birmanian arrotzak debekatua duela arrotz sentitzea! Hain dabiltza turista gutxi, ze herrixka batetara iritsi bezain pronto, sekulako festa egiten dizuten. Ikusi orduko zabaltzen dizkizute etxeko ateak, umerik txikienek harriduraz eta emakumeek lotsaz begiratzen zaituzten bitartean. Esperientziaz dakit ere, gaueko ordubitan lo egiteko tokirik gabe, hotzez eta erabat galduta bazabiltza, zerua eta lurra mugituko dutela zuretzat ohe goxo bat aurkitu arte. 

































Los días de Birmania


Katha 2012-01-30

Ayeyarwady ertzeko herrixka txiki eta galdua da Katha, Myitkyina eta Bhamoren arteko ferrien geltokia eta askok ez dakiten arren George Orwell-en bizi lekua 1926an Britaniarren polizia kolonial gisa aritu zenean. Katha izan zen bere lehen nobelarako aukeratutako eszenatokia eta oraindik zutik dirauten komisaldegia, ospitalea, Britaniar kluba edo kartzela erraldoiaren artean Los días de Birmania irakurtzeak, istorioan bete-betean murgil harazten zaitu.

Ia mende bat igaro den arren, gauza gutxitan igertzen da denborak aurrera egin duela. Badirudi, norbaitek denboraren aria moztu eta belaunaldiz-belaunaldi transmititu diren ohitura, janzkera eta bizimoduak bere horretan irauten dutela. Herrixka honi begirada bat ematea, Orwellen nobelako azalean txuri-beltzez marraztutako argazkia koloreztatzeko ariketa besterik ez da. Liburua eskuetan hartu eta irakurtzen hastea aldiz, azken egun hauen errepasoa egitea da. Hona hemen duela lau egun trenean egindako ibilaldiaren kontakizuna Orwellen eskutik idatzia:
Al norte de Mandalay, el tren alimentado de leña, avanzaba lentamente a veinte kilómetros por hora a través de una vasta y reseca llanura rodeada en sus límites más remotos por colinas. En el paisaje, garcetas blancas permanecían serenas, inmóviles, como garzas reales, y montones de chiles se secaban provocando destellos carmesí según les golpeaba el sol. De vez en cuando una pagoda blanca se alzaba en el llano como el pecho de una giganta tendida. La temprana noche del trópico se asentaba y el tren continuaba con su traqueteo, deteniéndose en pequeñas estaciones en las que surgían alaridos bárbaros desde la más profunda oscuridad. Hombres medio desnudos, con sus largas cabelleras recogidas en un nudo en la parte de atrás de su cabeza, se movían de un lado a otro a la luz de las antorchas.